Gilles Deleuze
Gilles Deleuze (Paris, Frantzia, 1925eko urtarrilaren 18a - Paris, Frantzia, 1995eko azaroaren 4a) frantziar filosofoa izan zen.
Postestrukturalismoaren ordezkari nabarmena da eta, Nietzscheren eraginarekin, estrukturalismoaren kategoria estatikoak auzipetu zituen. Deleuzek diferentzia-ren filosofia dinamiko bat garatu zuen.[1]
Sorbonne ezagunean jaso zituen filosofia ikasketak, 1944 eta 1948 bitartean.
1969. urtean Félix Guattari psikoanalista ezagutu zuen eta horrekin elkarlanean idatzi zituen Capitalisme et schizophrénie osatzen duten bere bi lan ezagunak: L'Anti-Œdipe (1972) eta Mille Plateaux (1980).
Bere lan nagusitzat Différence et Répétition (1968) tratatu metafisikoa jotzen da. Nabarmentzekoak dira baita ere Estoizismoari, Leibnizi, Humeri, Kanti, Nietzscheri, Spinozari edo Bergsoni buruzko bere lanak.
1995ean buruaz beste egin zuen.
Pentsamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deleuzeren pentsamendua ulertzeko Bigarren Mundu Gerra ondoren frantziako filosofian eman zen garapena kontuan hartu behar da. Gerra ostean fenomenologia eta existentzialismoaren filosofia subjektibista eta humanista nagusi ziren. Humanismo horren aurka estrukturalismoa altxatu zen gizakiaren askatasunaren ordez egiturek zuten eragina azpimarratuz. Azkenik Foucault, Derrida, Kristeva edo Deleuze bezalako postestrukturalistek egituren zurruntasunaren aurka erreakzionatuko dute.[2][3]
Deleuzek Platonen ildoan garatutako mendebaleko tradizio filosofiko guztia, eta bere metafisika, kritikatu du identitatean oinarritua egoteagatik. Deleuzek onartzen du tradizio horretan diferentzia kontuan hartu izan dela baina salatuko du beti identitateari azpiratuta pentsatu dela. Différence et Répétition (1968) lanean Hegelen dialektikari aurre egingo dio defendatuz diferentziak ezin direla sintesi batean murriztu eta gainditu. Deleuzek diferentzia eta errepikapena pentsatuko ditu non diferentziak ez dion erreferentziarik egiten jatorrizko inolako originalei eta Nietzscheren ildotik diferentzien betiereko errepikapena emango den. Proposamen horrekin Deleuzek subjektu modernoaren gailentasuna zalantzan ipiniko du eta desirari ere garrantzia emanez pentsatzeko modu askeagoei bidea ireki nahiko die.
Deleuzek Errizomaren metafora erabiliko du pentsamenduak zer izan behar duen adierazteko. Errizoma hasiera eta bukaerarik gabeko sustrai txiki bat da, enborrik ez duena eta eten gabe bilakaeran eta ugaltzen doana hierarkiarik gabe. Deleuzek horrelako pentsamendu aske eta nomada aldarrikatzen du.[4]
Guattarirekin egindako lanetan Deleuzeren gogoeta kapitalismoa, sexualitatea edo desira bezalako gaietara moldatu zen eta psikoanalisiaren tresnak erabili zituzten desira subjektutik askatzeko. Desiraren gaian nabari da Spinozaren eragina.[5]
Kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Deleuze eta Guattariren proposamenak hainbat kritika jaso izan ditu. Ezkerretik, Rhizome (1976) argitaratu eta berehala, Union des communistes de France marxiste-léniniste alderdi maoistak idatzi bat atera zuen kritikatuz Errizoma-ren aniztasunak dialektika ukatzen zuela eta proletarioak ahazten zituenez iraultzaren aurkakoa zela. Testu hori Alain Badiouk idatzi zuen Georges Peyrol ezizenarekin. Urteak pasata, Badiouk berak kritika horiek leundu egin ditu Deleuze. La clameur de l’Être (1997) lanean, adibidez . Žižek-ek, aldiz, zuzenean, neoliberalismoaren ideologotzat joko du Deleuze. Žižeken ikuspegi horren antzekoa, baina eskuinetik orain, Sloterdijk-ek azalduko du.[6]
Epistemologiaren arloan, Deleuze eta beste autore asko kritikatu zituen Alan Sokal matematikariak Impostures intellectuelles (1997) liburuan.
Lan nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nietzsche et la Philosophie (1962)
- Le Bergsonisme (1966)
- Spinoza et le problème de l'expression (1968)
- Différence et répétition (1968)
- Logique du sens (1969)
- L'Anti-Œdipe – Capitalisme et schizophrénie (1972), Félix Guattarirekin batera.
- Rhizome (1976), Félix Guattarirekin batera.
- Mille Plateaux – Capitalisme et schizophrénie 2 (1980), Félix Guattarirekin batera.
- Spinoza - Philosophie pratique (1981)
- L'image-mouvement. Cinéma 1 (1983)
- L'image-temps. Cinéma 2 (1985)
- Le Pli - Leibniz et le baroque (1988)
- Qu'est-ce que la philosophie? Capitalisme et schizophrénie 3 (1991), Félix Guattarirekin batera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Deleuze, Gilles (1925-1995)", 369, 370 or.
- ↑ Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Deleuze, Gilles (1925-1995)", 367. or
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): Subjektuaren zainak eta adarrak, 261. or.
- ↑ Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Deleuze, Gilles (1925-1995)", 369, 370 or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): Subjektuaren zainak eta adarrak, 264-69 or.
- ↑ Apodaka, Eduardo (2024): Subjektuaren zainak eta adarrak, 251-61 or.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Apodaka, Eduardo (2024): Subjektuaren zainak eta adarrak, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-897-5
- Badiou, Alain: (1997): Deleuze. La clameur de l'Être, Paris, Hachette. ISBN 978-2012352223
- Dosse, François (2007): Gilles Deleuze et Félix Guattari: Biographie croisée, Paris, La Découverte. ISBN 9782707158727
- Galparsoro, Jose Ignacio (2008): "Deleuze, Gilles (1925-1995)" in Agustin Arrieta eta Ibon Uribarri (koord.): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2
- Hallward, Peter (2006): Out of this World: Deleuze and the Philosophy of Creation, Londres, Verso. ISBN 1-84467-555-6
- Massumi, Brian (1992): A User's Guide to Capitalism and Schizophrenia: Deviations from Deleuze and Guattari, MIT Press. ISBN 0-262-63143-1
- Žižek, Slavoj (2004): Organs without Bodies, Londres, Routledge. ISBN 978-0-414-51904-5
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gilles Deleuze ![]() |
- (Frantsesez) Webdeleuze, Richard Pinhasek atondua: Gilles Deleuzeren ikasgaiak eta testuak
- (Gaztelaniaz) Deleuzi buruzko bloga
- 1925eko jaiotzak
- 1995eko heriotzak
- Frantziako filosofoak
- Paristarrak
- Frantziako suizidak
- Anti-psikiatria
- Parisko Unibertsitateko ikasleak
- Parisen hildakoak
- Teoria postmodernoa
- Estrukturalistak
- Postestrukturalismoa
- Metafisikoak
- Psikologiaren filosofoak
- Filosofo sozialak
- Gogamenaren filosofoak
- Zientziaren filosofoak
- Sexualitatearen filosofoak
- Maitasunaren filosofoak
- Frantziako ateoak
- Frantziako saiakeragileak